Kaixo, Mireia daukat izena, bederatzi urte dauzkat eta Algortan bizi naiz. Hiru neba arreba dauzkat, Fredi, Xabi eta Itxaso. Nire lagunik onena Garazi deitzen da eta nire txakurra Kopla. Gaur kulero gorriak daramatzat.
Aurten udako arropa ez dugu amonaren etxeko trastelekuan gordeko urtero bezala. Sandaliekin batera gordeko ditugu artilezko jertseak. Eskerrak aitatxok lehengoan Ikean armairu berria erosi zidan, Garazik daukanaren antzekoa.
Garazik eta biok ederto pasatzen dugu elkarrekin. Bere gurasoek egun osoan zehar egiten dute lan eta telebista aurrean igarotzen ditu arratsaldeak, amonak artilezko jertseak egiten dizkion bitartean. Azkura ematen diote eta gorroto ditu, baina ez ezer esan amonari.
Amak dio, Garaziri bezala, Klima-aldaketa deitutako neskato pinpirin bati ez zaiola neguko arropa gustatzen eta kamiseta tiranteduna jantzi nahi duen bakoitzean Eguzki jaunari deitzen diola, negua zein udaberria izan. Ahozabalik utzi nau amak neskato boteretsu honen berri ematean, eta ikastolan inork ezagutzen ote zuen galdetu dut.
Inguruneko maisuak neskatoa fenomeno bat dela esan dit, auskalo zenbat Bikain aterako zituen. Matematika andereñoak inkognita deitu dio, agian biderketa-taulak memoriaz ikasteko ahalmen magikoa daukalako. Hala ere, musikako irakaslearen erantzunak nahastu nau: “ Mozartek ez zuen kalte handiagorik egingo baldin eta musika utzi eta txirrindulari sartu izan balitz”.
Gainontzeko irakasleek keinu berezi bat egin dute nire galdera entzunda, etxeko lanak egiten ez ditugunean egiten dugun hori, hain zuzen ere. ( Amari ez esan keinu hori esperientzia propioagatik ezagutzen dudanik, mesedez). Andereño Mari Josek ondo ezagutzen duela esan digu eta barrez lehertu da mesedez eskatu diodanean jakinaraz ziezaion bihar euria egitea gustatuko litzaidakeela.
Garaziri ere ezagutzen ote duen galdetu diot. Begirada gora zuzendu eta atzamar batekin sudur punta igurtzi ostean erantzun dit: “ Hori da! Autobus Magikoa telesailean protagonista izan zen berrogeita zazpi eta berrogeita zortzigarren kapituluetan”.
Fredi etorri zait ikastolara bila. Bidean Klima-aldaketa ospetsua ezagutzen ote zuen galdetu orduko auskalo ze hizkuntzatan hasi zaidan: “Kapitalismoak sortutako estrategia neoliberalaren ondorioz...”.
Etxera iritsi eta Xabiri galdera berdina: “Ba neskato hau Kuban bizi zen uda garaian, eta Norvegiara egiten zuen alde neguan. Orain, ordea, hiru egun egiten ditu han eta beste hiru hemen. Oso neskatila berekoia da eta eguraldia maletan sartuta bidaiatzen du mundu osoan zehar. Aurten bidaia asko egin ditu; horregatik udan hiru egunetik behin euria egin izan du, gero beroa, hurrengoan txingorra…”
Hurrengo goizean Itxasok: “ Nik neuk ez, baino ezagutzen duen inor aurkituz gero esaiozu koadrilakook lokala lortu dugula eta ez garela bere beldur”.
Uste dut jende askok ez duela Klima-aldaketa gehiegi maite. Nik begiko dut, izan ere, Andereño Mari Josek barre egin zuen atzo, baina gaur euria egin du.
2007-11-07
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)

No hay comentarios:
Publicar un comentario