2007-11-07

berriz ere mozkor gaitezen...


Musu gorriz laztandu nituen zure ezpainak.

" zeinen gaiztoa zaren..." esaten zenidan

eta musu ematen nizun segidan...



...




Portu Zaharra

"Getxoko mutil zahar asko etortzen zen Algortako Portu zaharrera sardineraren aldaken kulunkatze ospetsua miretsi ahal izateko. Arrantzale plazatik igaro bakoitzean inguruetako jauntxo oro aho zabalik utzi ohi zuen, gangarra agerian. Neskato honen ibilerak(ez, ez zen arotzaren alaba, mariñelarena baizik) ikusmira handia sortzen zuen Uribe Kosta osoan zehar, eskualde osoko mutil gazteak Wuaitoen arrantzaren aitzakian, Portu Zaharrera erakartzerainokoa (benetan badakigu zerk edo zeinek, hobeto esanda, erakartzen zituen).Lantzean behin, gure herri maiteak ezkutuan gordetzen duen xarmadun Portu Zaharrera joan ohi naiz, eta oraindik ere arrantzaleak ikusten ditut sardinera baten aldaken kulunkatzearen bila.Zurrumurruak zurrumurru; SPA bat egin nahi omen dute bertan, turistentzako hotela eta auskalo zer astakeria. Batzuek gure altxor honen kontura patrikak txanponez bete nahi dituzte,ez al dira konturatzen benetako aberastasuna Portu Zahar baten historian, sardinera eta arrantzale arteko istoriotxoetan eta herri baten nortasunean dagoela?Guk patrikak sentimenduekin betetzen ditugu, ez dugu zurikeriz zikindutako txanponik nahi.Utzi bakean gure herria, utzi bakean Portu Zaharra!"

Uda...


Noiz erabaki nuen izan behar
Nuela psikologoa?
Ekainarekin batera heldu
Zen azterketa mordoa
liburu arteko gaupasa aukeran,
Bestela garagardoa
Azal zuria eta logela,
Edo gauaren morboa
Argi eta garbi hautatu nuen
Karrera irailera doa!
San Juanak eta Leioa
Eibar, bertso-ikastaroa,
Sopelan jaiak, Zapatu Azula,
Berritxun bertsosaioa,
Nahigabe piztu berri zitzaidan
Parrandarako gogoa

Gero Aubixara ume artera
Lana: bertso-udalekua
Begiralelez 10 egunez
Itzela izan ze kontua
20 gaztetxo, mendi berdea,
euskara eta kantua
negar malkotan berriz etxera
noski nahiko nekatua
laster Plaentxi, gero Algorta
(Iñaki bere Santua),
Cameroseko lakua,
Gasteiz, Fermin, kontzertua…
Nire amak dio Guantanamora
Nengokeela zigortua
Udan etxerik ez zapaltzea
Baldin balitz delitua

Mari Jaiaren gona azpitik
Zazpi gaueko astea
Larunbatetik, larunbatera
Diru-zorroen hustea
Atzo gaur omen da eta bihar
ere, zelako nahastea!
Orain euria, gero eguzkia
ez al da izango ostea?
Eguraldiak gugan sortu du
Itzela buruhaustea
Orain hobe ondo janztea
Urrirako utzi belztea
Uda,negua,negua,uda
Berdinak diren ustea
Komeniko zait eta espero dut
Desberdintzen ikastea

AMESGAIZTOA


Andereño Mari Josek errietan egin dit gaur, klasean loak hartu nauela eta. Atzo gauean amesgaizto gaizto- gaizto batek harrapatu ninduen ohean nengoela eta dirudienez, oraindik ere ez naiz esnatu.

Danbateko batek hasi zuen amesgaiztoa eta oin-hotsek jarraitu. Oin horiek ez zuten takoidun zapatarik janzten (amatxorenak bezalakoak), zaldiz ibiltzekoak baizik (Garazik zaldiketarako erabiltzen dituen beltz handi horien antzekoak). Isil-gordean, zaratatsuak, oso zaratatsuak eta oso beldurgarriak. Liliputiarrentzat erraldoien oin-hotsak bezala.

Aitatxok horrenbestetan aipatutako Mamarro jauna izango ote zen? Leihora hurbildu nintzen. Star Warseko Darth Vaderren itxuradun hamar mamu zeuden auzokideen atarian, ezpata eta guzti.( Springfieldeko Jefe Bigunen porrak piruleta emango luke haien ondoan). Ez dut uste hain argi gutxirekin filmik grabatzen egongo zirenik, lapurrak ote? Auskalo. “Auskalo “ hitza gustatzen zait Fredik Gozategiren Auskalo kanta jartzen zidalako txikitan, beno, txikiagotan.

Bat-batean Josebaren logelako argia piztu zen. Joseba gure auzokidea da, ikastola berdinean ikasten dugu, baina berak azken urtea dauka bertan. Algortako dantzaririk onena da, nire neba Xabiren ostean, noski. Xabierrek Banakoan hanka ilargiari ostikada emateraino altxatzen baitu .

Cristina eta Marisol leihotik begira zeuden, bata gorra eta bestea masailetan atximurka egiten dizun atso zahar horietako bat. Laura, Dalmacio… gutxika-gutxika auzoko etxeetako pertsiana guztiak egunsentia baino lehenago igo ziren. Beno, denak ez, Antoniorenak ez ( ordu hauetan etxeko atarian mozorro eta guzti pelikuletara jolasten ibiltzea ere…)

Lehenengo mailan nengoenean Andereño Izaskunek behin eta berriz errepikatzen zidan zein azkarra nintzen, eta arrazoia zeukan. Lapurrak ziren! Josebaren ordenagailua eta beste hainbat karpeta sartu zuten beraien espaziuntzira, Josebarekin batera.

Itxasok dio munstro itsusi hauena ama galdu bat zela eta ez omen zien arreta handirik eskaintzen. Hasieran triste egon arren gero beti haserre eta kopeta beltzez ( Fredik Xabierri telebistako mandoa kentzen dionean berdina gertatzen da ). Hazi ahala, bere amaz harro dagoenarenganako gorrotoak gora egiten omen du, gora, Heidyren aitonaren Alpeetako etxetik gora gutxienez.. Lehenengo iraintzen dituzte eta ondoren, ahal duten guztia lapurtzen diete (kromoak, jolastorduetako bokata…). Azkenik bahitzen dituzte, beraien amarengandik urrundu asmoz, Garaziren etxeko atikotik ere ikusten ez diren lekuetan ezkutatu asmoz. Agian horregatik bahitu zuten Joseba atzo, bere ama(k) asko maite duelako.

Iaz klasekook Lurraskara joan ginen astebetez. Amak egunero deitzen zidan zenbat maite ninduen esateko, ganoraz bazkaltzen ote nuen jakin nahian… Ez zen nitaz ahaztu. Ama batek ez ditu bere seme-alabak sekula ere ahazten, agian ama galdu batek bai, baina ez gure amak. Nire amonak bai (gaixorik dagoelako), baina guk ere ez dugu ezer, inor ahazten.

KLIMA ALDAKETA

Kaixo, Mireia daukat izena, bederatzi urte dauzkat eta Algortan bizi naiz. Hiru neba arreba dauzkat, Fredi, Xabi eta Itxaso. Nire lagunik onena Garazi deitzen da eta nire txakurra Kopla. Gaur kulero gorriak daramatzat.

Aurten udako arropa ez dugu amonaren etxeko trastelekuan gordeko urtero bezala. Sandaliekin batera gordeko ditugu artilezko jertseak. Eskerrak aitatxok lehengoan Ikean armairu berria erosi zidan, Garazik daukanaren antzekoa.
Garazik eta biok ederto pasatzen dugu elkarrekin. Bere gurasoek egun osoan zehar egiten dute lan eta telebista aurrean igarotzen ditu arratsaldeak, amonak artilezko jertseak egiten dizkion bitartean. Azkura ematen diote eta gorroto ditu, baina ez ezer esan amonari.

Amak dio, Garaziri bezala, Klima-aldaketa deitutako neskato pinpirin bati ez zaiola neguko arropa gustatzen eta kamiseta tiranteduna jantzi nahi duen bakoitzean Eguzki jaunari deitzen diola, negua zein udaberria izan. Ahozabalik utzi nau amak neskato boteretsu honen berri ematean, eta ikastolan inork ezagutzen ote zuen galdetu dut.

Inguruneko maisuak neskatoa fenomeno bat dela esan dit, auskalo zenbat Bikain aterako zituen. Matematika andereñoak inkognita deitu dio, agian biderketa-taulak memoriaz ikasteko ahalmen magikoa daukalako. Hala ere, musikako irakaslearen erantzunak nahastu nau: “ Mozartek ez zuen kalte handiagorik egingo baldin eta musika utzi eta txirrindulari sartu izan balitz”.

Gainontzeko irakasleek keinu berezi bat egin dute nire galdera entzunda, etxeko lanak egiten ez ditugunean egiten dugun hori, hain zuzen ere. ( Amari ez esan keinu hori esperientzia propioagatik ezagutzen dudanik, mesedez). Andereño Mari Josek ondo ezagutzen duela esan digu eta barrez lehertu da mesedez eskatu diodanean jakinaraz ziezaion bihar euria egitea gustatuko litzaidakeela.

Garaziri ere ezagutzen ote duen galdetu diot. Begirada gora zuzendu eta atzamar batekin sudur punta igurtzi ostean erantzun dit: “ Hori da! Autobus Magikoa telesailean protagonista izan zen berrogeita zazpi eta berrogeita zortzigarren kapituluetan”.

Fredi etorri zait ikastolara bila. Bidean Klima-aldaketa ospetsua ezagutzen ote zuen galdetu orduko auskalo ze hizkuntzatan hasi zaidan: “Kapitalismoak sortutako estrategia neoliberalaren ondorioz...”.

Etxera iritsi eta Xabiri galdera berdina: “Ba neskato hau Kuban bizi zen uda garaian, eta Norvegiara egiten zuen alde neguan. Orain, ordea, hiru egun egiten ditu han eta beste hiru hemen. Oso neskatila berekoia da eta eguraldia maletan sartuta bidaiatzen du mundu osoan zehar. Aurten bidaia asko egin ditu; horregatik udan hiru egunetik behin euria egin izan du, gero beroa, hurrengoan txingorra…”

Hurrengo goizean Itxasok: “ Nik neuk ez, baino ezagutzen duen inor aurkituz gero esaiozu koadrilakook lokala lortu dugula eta ez garela bere beldur”.

Uste dut jende askok ez duela Klima-aldaketa gehiegi maite. Nik begiko dut, izan ere, Andereño Mari Josek barre egin zuen atzo, baina gaur euria egin du.